XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lezo Donostia-ko epai-barrutiko udalerria da, hedadura 12`2 kilometro karratukoa eta goidura itsas-mailatik 18 metrokoa izaki hirigunean.

Lezo fisikoki Pasaia-ko bokale ondoan kokatzen da, eta Jaizkibel mendiaren mendebaldeko adarduretan.

Zubitxo eta Izoztegi errekatxoek urak Oiartzun hibaiara botatzen dituzte, bokalean bertan.

Lezo ingurune industrialez bildua dagoelarik, biziki hazi da mende honen zehar.

Populazioa, gutxienez, hirukoiztu egin da mende honen zehar.

1.900 urteko 1.198 bizilagunetatik 5.174-era iritsiz 1.981 urtean.

1.975 urte aldera, ordea, jatorriz lezotarra etzen populazioaren %-eko 26,78-a baino.

Euskararen egoera oso larria da gaur egun, hain euskaldun izan den herri honetan.

Penintsulako etorkinen uholdeak biziki ito du gure hizkuntza kalean eta gizartean, batez ere, periferiako auzoetan.

1.981 urteko zentsuaren arabera, 5.174 bizilagunetatik 1.807 zeharo erdaldun aitortzen ziren, eta beste milla eta berrehun bat erdi-euskaldun.

Euskaldunetan 1.288 bizilagun alfabetatuak kontsideratzen ziren eta 729 erdialfabetatuak.

Bestetan adierazi dugunez, Eusko Jaurlaritza-ren datu hauek euskararen alde puztuegiak daudela uste dugu, ezen-eta bere burua erdi-euskalduntzat daukan aunitzek ez baitu, maiz, euskararen ezagutza urria baino.

Hemen errealitate garratza zera da, alegia, gutxiengo erdalduna duten herrietan gutxiengoak gehiengo euskalduna gizartean erdara bakarrik erabiltzera bultzatzen duela.

Honela euskararen itoketa eta sustituzioa serioski kontsumatzen da.

Populazioaren %-eko 23,3-ak bigarren sektorean ziharduen 1.975 urte aldera, eta %-eko 1,76-ak, soilik, lehenengoan.

Lezoko industria aintzinakoa ontzigintzan zentratu da; gaur egun, ordea, Lezo eta Errenterialdean mota askoriko enpresak daude.

1.978 urtean 96 enpresa kokatzen ziren udalerrian.

Aipagarrienak metalurgia, kimikagintza, kontserbategiak, eraikuntza.

Merkataritzan, berriz, garrantzi handia Pasaia-ko portu ondoan egoteak.